EHko I. JATUNALDI lodiak. Ezin kabitu!

Euskal Herriko lodiak, fokak, potolak, baleak, ixkuak, rellenitak eta obesa morbidak gure sofetatik altxatzea erabaki dugu Euskal Herriko lehen jardunaldi Lodiak antolatzeko: Jatunaldi lodiak, ezin kabitu!

Irailaren 9tik 11ra elkartuko gara Gernikan lodifobiak zeharkatutako gorputzen politikak aztertzeko. Hiru eguneko irla bat sortu nahi dugu Euskal Herria patriarkal eta gordofoboaren baitan elkarrekin egoteko. Pentsatzeko, jolasteko, tripak eta izterrak elkarri igurzteko, lasdaskan aritzeko, jateko eta konspiratzeko espazioa sortzera goaz.

“Ezin kabitu!” gaude.

Bada denbora borroka eta gozamenerako espazio propio baten beharrak jota geundela, eta maitasunez eta harrotasunez ezin kabitu gabiltza azken hilabetetan sortzen ari diren Euskal Herriko potolen arteko aliantzak egosten. Autogestioan eta elkarrekiko begirunean oinarritutako orain arteko bidea konpartitzearekin, hunkituta eta motibazioz gainezka gaude.

“Ezin kabitu!” diogu.

Ez garelako kabitzen osasun sistema nagusiek “osasuntsu” egoteko irizpidean, ez dugu lekurik ere gure jai alternatiboen bukaeretan ematen diren ligoteoetan. Ez gara kabitzen heteroarauan, ezta ere gure amak gurekiko dituen espektatibetan. Ez gara kabitzen treneko eserlekuetan, ezta ere gimnasioaren kultura nartzisistan eta are gutxiago subjetu politiko zilegiaren kategorian. Ez gara kabitzen familia eredu idealen etxeetako ate estuetatik. Ez gara kabitzen lanpostuen baldintza kapitalistetan edota ikusgarritasun publikoarekin zerikusia duten rol edo zereginetan. Bizi guztia arnasteko lekurik uzten ez diguten arauei lotuta eta kabitu ezinik. Euskal Herriko lodien asanblada honek argi dio: EZ DUGU KABITU NAHI!

Zapalkuntza sistema honekin nazkatuta dagoen bollo-trans-marika eta emakume oro gonbidatzen ditugu gurekin moldeak apurtzera, gainezka egiten duten haragien astindutik mugak gainditzera.

Euskal Herriko lehenengo jatunaldi lodiak. EZIN KABITU!